Haur Hezkuntzan nengoeneko esperientziak gogoratzen hasi naizenean, hainbat oroitzapen etorri zaizkit burura.Hala ere, asko eta asko, erdizka gogoratzen ditut, oso txikia bainintzen eta dagoeneko ahaztuak ditudalako. Esfortzu txiki bat egin ondoren lortu dut pasarte bat baina gehiago bere osotasunean gogoratzea. Hori bai, esperientzi txarrari dagokionez, izugarri kosta zait bat aurkitzea. Hauek lehen bailen ahaztea gustatzen baitzaigu. Beraz, zera erabaki dut, esperientzi on bat bakarrik kontatu beharrean, bi kontatuko dizkizuedala, eta txarrari dagokionez, alden hobekien azaltzen saiatuko naizela hau azaltzen, nahiz eta ideia oso garbirik ez izan. Ez dizuet gehiago itxaronaraziko eta besterik gabe, azalpenei hasiera emango diet.
Gustukoen dudan nire txikitako pasartea, ihauterietan kokatzen da. Denok dakigun bezala, ihauterietan pertsona guztiak mozorrotzen gara eta ni, orain dela 15 bat urte, hau da, 3 urte nituenean, txanogorritxuz mozorrotu nintzen. Egun horretan poz pozik joan nintzen ikastetxera, izan ere nire txikitako ipuin gustukoeneko protagonistaz mozorrotuta banengoen. Eskola nioan nire txano gorria, gona beltza, bi trentza horiak eta saskitxoa soinean hartuta nire ipuin pertsonaleko otsoaren bila. Baina tamalez edo zortez, ez nuen otsoa aurkitu egun hartan.
Ihauteri egunean, nire ikastetxean hainbat ekintza egiten ziren. Horietako bat, eta egunari hasiera ematen zioena, herri guztitik kalejira moduko bat egitea zen. Furgoneta batek jarritako musikarekin herri guztiari buelta ematen genion, biztanle guztiak gure festara gonbidatuz. Ikastetxeko txikienak furgoneta honen atzealdean joaten ziren eserita eta, tarteka, gu ere nahiko txikiak ginenez eta azkar nekatzen ginenez, bertan joaten ginen. Kalejira hau amaitu ondoren, ikasgela bakoitzak emanaldi txiki bat egiten zuen beste ikasgela guztien aurrean ikastetxeko polikiroldegian. Normalean dantzak izaten ziren. Urte horretan nahiko txikiak ginenez, lehen esan dizuedan bezala 3 urte soilik bainituen, irakasleak laguntzen gintuen dantza asmatzen, nahiz eta gure esku egon azken iritzia. Ez nago oso ziur, baina uste dut urte horretan Takolo Pirritx eta Porrotxen kantu bat dantzatu genuela, Riki riki kantua hain zuzen ere. Kantua ezagutzen baduzue, jakingo duzue oso alaia dela eta ihauteri egunerako aproposa dela, izan ere denok pozaren pozez dantzatu genuen. Ikasgela guztiek beraien dantzak bukatu ondoren, merendola txiki bat egiten zen, eguna ezin hobe amaitzeko.
Ihauteriko egitarau hau azaldu badizuet ere, gustatuko litzaidake aipatzea beti ez dela berdina izan. Pare bat urtetan, egun honen ekintzak eta mozorroak desberdinak izan dira. Zera esan nahi dut, garai batean ikastetxe osoa gai jakin batetaz zihoala mozorrotuta. Adibidez, urte batean ingurugiroa zen gaia, eta ikasgela bat errekaz mozorrotu zen, beste bat zaborrez eta biak batera jartzean kutsatutako erreka bat irudikatzen genuen. Beste urte batean, aldiz, pintura zen gaia, eta ikasgela bakoitza margolari batetaz mozorrotu zen. Metodologia honekin, agian, mozorrotzeaz gain, gauzak ikasteko aukera izaten genuen.
Gogoko dudan txikitako beste pasarte bat, nire urteetako eguna izaten zen. Niretzako zortez, abenduaren 21ean egiten ditut urteak, Santo Tomas egunean. Egun berezia denez, eskolak ekintza bereziak egiten ditu. Herriko plazan aspaldiko argazki eta objektuak egoten dira ikusgai. Ikasleak Eguberritako kantuak kantatzen genituen eta ondoren txistxorra banatzen zen, nire iritziz inoiz probatu dudan hoberena. Zehazki urte batean gertatutako pasarteaz gogoratzen naiz. Nire bi dortokak eraman nituen plazara harro baino harroago. Denak inguratzen zitzaizkidan eta nire animali maitatuei kasu egiten zien, baina ni nire jenioarekin ez ukitzeko esaten nien. A zer nolako mari mandona nintzen... Egun paregabea zen niretzat Santo Tomas eguna, eskolari dagokionez egun berezia izateak eta nire urtebetetze eguna izateak ezin hobea bihurtzen zuen eta egun horretako protagonista sentitzen nintzen.
Txikitako esperientzi txar bat gogoratzeko nire amaren laguntza behar izan dut, ez bainintzen bat berataz ere gogoratzen. Berak dioenez ere, ez daude esperientzi txar asko nire haurtzaroan baina bat aukeratzearren, txertoak jartzeko garaia zela esan dit.
Urtero bezala, ikastetxeko haur guztiak txertoa jarri behar izaten genuen. Beharrezkoak baitziren eta, bide batez, gaixotasun gutxiago izateko aukera eskaintzen zuen, beraz komenigarria zen jartzea. Txerto jartzailea ikastetxera etortzen zen eta bertan gela bat egokitzen zitzaion bere gauzak prestatzeko eta txandaka-txandaka ikasgela bakoitza bertara joateko. Gure txanda iristean urduri jartzen hasten nintzen, eta ilarako lehena izatera hurbiltzen nioan heinean, bihotzeko taupadak gero eta azkarragoak eta bortitzagoak ziren. Urduritasun honek negarrean amaitzen zuela esan dit amak, eta irakasleak lerroaren bukaeran kokatzen zidan, baina, hala ere ez nintzen txertoaz libratzen. Nahiz eta dezente kostatzen zitzaion irakasleari lasaitzea, azkenean lortzen zuen eta baita txertoa jartzea ere.
Nahiz eta zaila egin zaidan txikitako pasarteaz gogoratzea eta zertxobait melankolikoa izan den, asko gustatu zait dena gogoratzea. Dena esatean, zera esan nahi dut, pasarteaz gain, lagunak, irakasleak, jangelako sukaldariak... gogoratu baititut, eta izugarrizko irribarrea marraztu zait aurpegian. Dagoeneko ez ditut txikitako oroitzapen gehiago sortzeko aukera izango baina espero dut nire ikasleak izango direnen gomutetan partaide izatea, eta etorkizunean, posible bada, niregana etorri eta hauek kontatzea berriro ere nire aurpegian irribarea marrazteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario