Haur eskolako garaiaz gogoratu naiz gaur. Huraxe bai garai ederra! Ardurak ez genituenean, negarren arrazoia zure lagunak jostailua ez uztea zenean, arazoak ama edo aitaren muxu batekin konpontzen zirenean... Berriro itzuliko nintzateke garai horretara. Haurrekin lan egiteak garai honetatik gertuago sentiarazten nau, gogoratu egiten baitut ikasgelan genuen etxetxoan aita eta ametan jolasten genuenean, mahaian eseri, margoa eta orri bat hartu eta ia goiz osoa marrazten igarotzen nuenean eta irakaslearen inguruan eseri eta bere ipuinak adi-adi entzuten nituenean. Hainbeste oroitzapen ditut... Eta ba al dago modu hoberik zuek nire oroitzapenak irudikatzeko, nik egindako hauei buruzko marrazkia erakustea baino? Bada, hona hemen gehien gustatzen zaidan txikitako gomuta baten marrazkia:
Bertan ikusi al izango duzuen bezala, nire eskolako baratzan nago. Astero joaten ginen baratzara ikasgelako kide guztiak irakasleak lagunduta. Baratza hau ez zegoen ikastetxean bertan, 300 bat metrotara baizik. Horren ondorioz guri oraindik eta ilusio gehiago egiten zigun bertara joatea, ikastetxetik atera eta beste testuinguru batean kokatzeak eramangarriagoa egiten baitzuen eguna. Ikasgela bakoitzak bere partzelatxoa zuen bere landare, lore edo barazkiak landatzeko. Eta modu berean, ikasle bakoitzari bere partzelaren zatitxo txiki bat zegokion, bere landarea landatu ahal izateko. Bakoitzak bere landarea izateak alde positibo ugari zituen. Ez zeuden liskarrak hauek zaintzerako garaian, bakoitzak berea soilik zaindu behar zuelako. Errespontsabilitate handiagoa izatea eskatzen zuen, zure landarea ez baldin bazenuen zaintzen hil egingo baitzen eta ezer gabe geratzen baitzinen. Gainera, landatutako landareak nahiko haziak zeudenean etxera eramaten genituen eta ez dakizue zer nolako pozarekin joaten ginen etxera guk geuk landatutakoa lagun eta familiako guztiei erakustera “Begira amatxo zein lore polita. Nirea da, nik zaindu eta maitatu dudalako baitago bizirik”. Landare eta loreak landatzeaz gain, lehen esan dizuedan bezala, barazkiak ere landatzen genituen, eta honek zera eragiten zuen, guk hauek etxera eramaten genituenean sekulako apetituarekin jaten genituela eta, ondorioz, barazkiak jaten ikasten genuen. Aitzurra erabiltzen ikasi genuen, lurra mugitu egin behar baita noizbehinka.Hala ere, txikiak ginenean irakasleak egiten zuen lan gehiena eta, handitzen joan ahala, gero eta gauza gehiago egiten genituen bakarrik.
Ikastetxean beti egiten genituen naturarekin lotura zuten ekintzak, gure baratza edukitzeaz gain, konposta egiten genuen etxetik ekarritako hondakinekin, gero hau ongarri modura erabiliz, muralak ere egiten genituen, ingurugiroa zaintzeak zuen garrantziari buruzko hainbat txarla eta ekintza egiten genituen... Hauek denak gogoratzean sekulako melankolia sartzen zait. Baina poza sartzen zait pentsatzean laster berriro egiteko aukera izango dudala, baina oraingoan irakasle modura. Espero dut nire ikasleak nik bezain ondo pasatzea eta egunen batean beren oroitzapenetan, nire modura, ekintza hauek agertzea.
No hay comentarios:
Publicar un comentario