lunes, 31 de octubre de 2011

Txikitako esperientzi on eta txarra

Haur Hezkuntzan nengoeneko esperientziak gogoratzen hasi naizenean, hainbat oroitzapen etorri zaizkit burura.Hala ere, asko eta asko, erdizka gogoratzen ditut, oso txikia bainintzen eta dagoeneko ahaztuak ditudalako. Esfortzu txiki bat egin ondoren lortu dut pasarte bat baina gehiago bere osotasunean gogoratzea. Hori bai, esperientzi txarrari dagokionez, izugarri kosta zait bat aurkitzea. Hauek lehen bailen ahaztea gustatzen baitzaigu. Beraz, zera erabaki dut, esperientzi on bat bakarrik kontatu beharrean, bi kontatuko dizkizuedala, eta txarrari dagokionez, alden hobekien azaltzen saiatuko naizela hau azaltzen, nahiz eta ideia oso garbirik ez izan. Ez dizuet gehiago itxaronaraziko eta besterik gabe, azalpenei hasiera emango diet.

Gustukoen dudan nire txikitako pasartea, ihauterietan kokatzen da. Denok dakigun bezala, ihauterietan pertsona guztiak mozorrotzen gara eta ni, orain dela 15 bat urte, hau da, 3 urte nituenean, txanogorritxuz mozorrotu nintzen. Egun horretan poz pozik joan nintzen ikastetxera, izan ere nire txikitako ipuin gustukoeneko protagonistaz mozorrotuta banengoen. Eskola nioan nire txano gorria, gona beltza, bi trentza horiak eta saskitxoa soinean hartuta nire ipuin pertsonaleko otsoaren bila. Baina tamalez edo zortez, ez nuen otsoa aurkitu egun hartan.

Ihauteri egunean, nire ikastetxean hainbat ekintza egiten ziren. Horietako bat, eta egunari hasiera ematen zioena, herri guztitik kalejira moduko bat egitea zen. Furgoneta batek jarritako musikarekin herri guztiari buelta ematen genion, biztanle guztiak gure festara gonbidatuz. Ikastetxeko txikienak furgoneta honen atzealdean joaten ziren eserita eta, tarteka, gu ere nahiko txikiak ginenez eta azkar nekatzen ginenez, bertan joaten ginen. Kalejira hau amaitu ondoren,  ikasgela bakoitzak emanaldi txiki bat egiten zuen beste ikasgela guztien aurrean ikastetxeko polikiroldegian. Normalean dantzak izaten ziren. Urte horretan nahiko txikiak ginenez, lehen esan dizuedan bezala 3 urte soilik bainituen, irakasleak laguntzen gintuen dantza asmatzen, nahiz eta gure esku egon azken iritzia. Ez nago oso ziur, baina uste dut urte horretan Takolo Pirritx eta Porrotxen kantu bat dantzatu genuela, Riki riki kantua hain zuzen ere. Kantua ezagutzen baduzue, jakingo duzue oso alaia dela eta ihauteri egunerako aproposa dela, izan ere denok pozaren pozez dantzatu genuen. Ikasgela guztiek beraien dantzak bukatu ondoren, merendola txiki bat egiten zen, eguna ezin hobe amaitzeko.

Ihauteriko egitarau hau azaldu badizuet ere, gustatuko litzaidake aipatzea beti ez dela berdina izan. Pare bat urtetan, egun honen ekintzak eta mozorroak desberdinak izan dira. Zera esan nahi dut, garai batean ikastetxe osoa gai jakin batetaz zihoala mozorrotuta. Adibidez, urte batean ingurugiroa zen gaia, eta ikasgela bat errekaz mozorrotu zen, beste bat zaborrez eta biak batera jartzean kutsatutako erreka bat irudikatzen genuen. Beste urte batean, aldiz, pintura zen gaia, eta ikasgela bakoitza margolari batetaz mozorrotu zen. Metodologia honekin, agian, mozorrotzeaz gain, gauzak ikasteko aukera izaten genuen.

Gogoko dudan txikitako beste pasarte bat, nire urteetako eguna izaten zen. Niretzako zortez, abenduaren 21ean egiten ditut urteak, Santo Tomas egunean. Egun berezia denez, eskolak ekintza bereziak egiten ditu. Herriko plazan aspaldiko argazki eta objektuak egoten dira ikusgai. Ikasleak Eguberritako kantuak kantatzen genituen eta ondoren txistxorra banatzen zen, nire iritziz inoiz probatu dudan hoberena. Zehazki urte batean gertatutako pasarteaz gogoratzen naiz. Nire bi dortokak eraman nituen plazara harro baino harroago. Denak inguratzen zitzaizkidan eta nire animali maitatuei kasu egiten zien, baina ni nire jenioarekin ez ukitzeko esaten nien. A zer nolako mari mandona nintzen... Egun paregabea zen niretzat Santo Tomas eguna, eskolari dagokionez egun berezia izateak eta nire urtebetetze eguna izateak ezin hobea bihurtzen zuen eta egun horretako protagonista sentitzen nintzen.

Txikitako esperientzi txar bat gogoratzeko nire amaren laguntza behar izan dut, ez bainintzen bat berataz ere gogoratzen. Berak dioenez ere, ez daude esperientzi txar asko nire haurtzaroan baina bat aukeratzearren, txertoak jartzeko garaia zela esan dit.

Urtero bezala, ikastetxeko haur guztiak txertoa jarri behar izaten genuen. Beharrezkoak baitziren eta, bide batez, gaixotasun gutxiago izateko aukera eskaintzen zuen, beraz komenigarria zen jartzea. Txerto jartzailea ikastetxera etortzen zen eta bertan gela bat egokitzen zitzaion bere gauzak prestatzeko eta txandaka-txandaka ikasgela bakoitza bertara joateko. Gure txanda iristean urduri jartzen hasten nintzen, eta ilarako lehena izatera hurbiltzen nioan heinean, bihotzeko taupadak gero eta azkarragoak eta bortitzagoak ziren. Urduritasun honek negarrean amaitzen zuela esan dit amak, eta irakasleak lerroaren bukaeran kokatzen zidan, baina, hala ere ez nintzen txertoaz libratzen. Nahiz eta dezente kostatzen zitzaion irakasleari lasaitzea, azkenean lortzen zuen eta baita txertoa jartzea ere.

Nahiz eta zaila egin zaidan txikitako pasarteaz gogoratzea eta zertxobait  melankolikoa izan den, asko gustatu zait dena gogoratzea. Dena esatean, zera esan nahi dut, pasarteaz gain, lagunak, irakasleak, jangelako sukaldariak... gogoratu baititut, eta izugarrizko irribarrea marraztu zait aurpegian. Dagoeneko ez ditut txikitako oroitzapen gehiago sortzeko aukera izango baina espero dut nire ikasleak izango direnen gomutetan partaide izatea, eta etorkizunean, posible bada, niregana etorri eta hauek kontatzea berriro ere nire aurpegian irribarea marrazteko.

Ni eskolan


Haur eskolako garaiaz gogoratu naiz gaur. Huraxe bai garai ederra! Ardurak ez genituenean, negarren arrazoia zure lagunak jostailua ez uztea zenean, arazoak ama edo aitaren muxu batekin konpontzen zirenean... Berriro itzuliko nintzateke garai horretara. Haurrekin lan egiteak garai honetatik gertuago sentiarazten nau, gogoratu egiten baitut ikasgelan genuen etxetxoan aita eta ametan jolasten genuenean, mahaian eseri, margoa eta orri bat hartu eta ia goiz osoa marrazten igarotzen nuenean eta irakaslearen inguruan eseri eta bere ipuinak adi-adi  entzuten nituenean. Hainbeste oroitzapen ditut... Eta ba al dago modu hoberik zuek nire oroitzapenak irudikatzeko, nik egindako hauei buruzko marrazkia erakustea baino? Bada, hona hemen gehien gustatzen zaidan txikitako gomuta baten marrazkia:


Bertan ikusi al izango duzuen bezala, nire eskolako baratzan nago. Astero joaten ginen baratzara ikasgelako kide guztiak irakasleak lagunduta. Baratza hau ez zegoen ikastetxean bertan, 300 bat metrotara baizik. Horren ondorioz guri oraindik eta ilusio gehiago egiten zigun bertara joatea, ikastetxetik atera eta beste testuinguru batean kokatzeak eramangarriagoa egiten baitzuen eguna. Ikasgela bakoitzak bere partzelatxoa zuen bere landare, lore edo barazkiak landatzeko. Eta modu berean, ikasle bakoitzari bere partzelaren zatitxo txiki bat zegokion, bere landarea landatu ahal izateko. Bakoitzak bere landarea izateak alde positibo ugari zituen. Ez zeuden liskarrak hauek zaintzerako garaian, bakoitzak berea soilik zaindu behar zuelako. Errespontsabilitate handiagoa izatea eskatzen zuen, zure landarea ez baldin bazenuen zaintzen hil egingo baitzen eta ezer gabe geratzen baitzinen. Gainera, landatutako landareak nahiko haziak zeudenean etxera eramaten genituen eta ez dakizue zer nolako pozarekin joaten ginen etxera guk geuk landatutakoa lagun eta familiako guztiei erakustera “Begira amatxo zein lore polita. Nirea da, nik zaindu eta maitatu dudalako baitago bizirik”. Landare eta loreak landatzeaz gain, lehen esan dizuedan bezala, barazkiak ere landatzen genituen, eta honek zera eragiten zuen, guk hauek etxera eramaten genituenean sekulako apetituarekin jaten genituela eta, ondorioz, barazkiak jaten ikasten genuen. Aitzurra erabiltzen ikasi genuen, lurra mugitu egin behar baita noizbehinka.Hala ere, txikiak ginenean irakasleak egiten zuen lan gehiena eta, handitzen joan ahala, gero eta gauza gehiago egiten genituen bakarrik.

Ikastetxean beti egiten genituen naturarekin lotura zuten ekintzak, gure baratza edukitzeaz gain, konposta egiten genuen etxetik ekarritako hondakinekin, gero hau ongarri modura erabiliz, muralak ere egiten genituen, ingurugiroa zaintzeak zuen garrantziari buruzko hainbat txarla eta ekintza egiten genituen... Hauek denak gogoratzean sekulako melankolia sartzen zait. Baina poza sartzen zait pentsatzean laster berriro egiteko aukera izango dudala, baina oraingoan irakasle modura. Espero dut nire ikasleak nik bezain ondo pasatzea eta egunen batean beren oroitzapenetan, nire modura, ekintza hauek agertzea.

domingo, 30 de octubre de 2011

Informazio pixka bat

          Aipatua dudan bezala, Urdaneta Ikastxetxeak Amaraberri Sistemarekin lan egiten du eta, aproposa iruditu zait, sistema honen nondik norakoa hobe ulertzeko, honi buruzko informazioa eskeintzea. Ikastetxeko web orrian, oso ongi esplikatzen ditu sistema honek dituen helburu eta metodologiak, beraz, hementxe uzten dizuet web-aren hasierako orrialdearen helbidea eta baita amaraberri sistema esplikatzen duen atalarena ere:

http://urdaneta.ikastetxea.net/topics/intro/

http://urdaneta.ikastetxea.net/topics/defgeneral/
        Informazioa erabilgarria izango zaizuelakoan nago. Besterik gabe, agur!

viernes, 28 de octubre de 2011

Irakasle berria gaurkoan.

          Egunero bezala haurrak kolektiboa egin dute.Gaur Laura izan da arduraduna eta, berari tokatzen zaion bezala, txokoetan banatzeko txartelak banatu ditu. Esana dudan bezala, txokoetan dabiltzenean ez da modu libre batean izaten, hau da, bakoitzak bere txokoan egon behar du goiz osoan. Erabaki honi buruz aurrerago ausnarketa bat egingo dut,egokiena zer den adieraziko dudana,  txokoetan modu librean ibiltzea ala irakasleak esanten duen bezala.

         Arratsaldean, irakasle berria etorri da, ordezkoa. Jaionerekin, bola gelara joan gara ipuin bat irakurri ondoren. Bola gela, psikomotrizitateko gelaren oso antzekoa da. Desberdintasuna zera da, gela honek bolazko pistina antzeko bat duela eta zorua ez dela psikomotrizitatekoa bezain biguina. Gainera material gutxiago dagoela iruditu zait. Jolas librean ibili dira hasieran, eta azkeneko 20 minutuetan, denon artean ikasgela jaso ondoren, bideo bat ikusi dugu, "Hiru hirukiak".

         Bideoa ikusten ari ginen bitartean, Xubanek Sarari jo eta bultza egin dio, bere ondotik bidalduz. Jaione irakasleak hau ikustean, lekuz aldatu du, baina Xuban berriro ere hasierako lekura itzuli da. Jaionek berriro mugitu ostean eta Xuban ere hasierako lekura itzultzean, gelakideetatik banandu du. Hala ere, Xuban asarretzen hasi eta Sararen lekura joan da. Jaione asarretu egin denez, ikasgela kanpora eraman du eta eztabaida luzu bat izan dute, Xubanek kaxketa handia arrapatuz.Ikasordua amaitzera zioanez, Marijose azladu da eta Jaioneri joateko baimena eman dio. Marijosek Xuban gela barrura sartu du eta zertsobait lasaitu dela ikusi dienean, Sarari barkamena eskatzeko eskatu dio, baina honek ezezkoa erantzun dio. Hau iksutean Marijosek ere Ikasgelatik kanpo bidali du eta honen erantzuna zaratatsua izan da. Bost bat minutu pasa ondoren, Xubanek pentsatzen nahiko denbora igaro zuela zirudien eta damututa barkamena eskatu dio.
    
         Egoera guzti hau behatu ondoren, bi rakasleak erreakzio desberdina izan dutela nabaritu dut, nahiz eta aspektu batzuetan berdina egin duten. Marijosek modu lasaiago batean erantzun du eta Jaionek, aldiz, asarretuago. Bietatik eraginkorrena lehenarena izan dela iruditu zait, baita egokiena ere. Azken finean Marijosek Xuban damutzea lortu baitu eta Jaionek ez. Pasarte honi esker, horrelako kasu baten aurrean zein jarrera izan behar dudan ikasi dut, eta segurnu nago oso erabilgarria izango zaidala.

        Asteburu luze bat dugu aurretik eta, aurreko asteartean faltan bota banituen haurrak, oraingoan luzeegia egingo zait itxaronaldia. Naiz ta jai izan hurrengo egunetan, egunerokoarekin jarraituko dut, ikastetxeari buruzko informazio eta datu gehiago eskainiz. Espero dut baliogarri edo interesgarriak egingo zaizkizuela. Hurrenarteee!

jueves, 27 de octubre de 2011

Hau da hau zoramena!

Egun borobila izan da gaurkoa. Neure burua gero eta hobe ikusten dut haurrekin elkarlanean aritzerakoan, baina, hala ere, konturatu naiz oraindik ere asko geratzen zaidala ikasteko eta hobetzeko. Izan ere, gaur irakasleak ohikoa baina denbora gehiago utzi dit bakarrik haurrekin gelan eta gauza asko gertatu dira denbora horretan, gehiegi agian.

         Eguna beste edozein egun bezala hasi da. Errutinak dioen modua,. haurrak agurtu, arduraduna aukeratu, honek bere zereginak egin, ipuina irakurri eta txokoetako txartelak banatu dira. Haurrak txokoetan jolasean hasi direnean Marjose, irakaslea, ikasgelatik irten da momentu luze baterako. Hasieran dena itxuraz ongi zioan, baina etxe txokora joan naizenean, haurretako bat oso triste zegoela konturatu naiz, ez baitzuen jolasten. Maddi Gaintzakoa da, bere gelakide Nerearen moduan, eta oso harreman estua dute. Baina gaur ez da etorri bigarren hau eta lehenari nabari zitzaion bere falta sentitzen zuela. Bere gana joan naizenean ea zer gertatzen zitzaion galdetzera, sekulako negar saioari hasiera eman diot. Momentu batez zer egin jakin gabe geratu naiz, baina segituan erreakzionatu eta lasaitzen saiatu naiz. Une berean, beste mutil bat etorri zait bere txokoko lagun batek ez ziola jolasten uzten kexatuz, hau ere erdi negarrez. Ibai, lasaitu ondoren oraindik ere Maddi negarrez zegoen eta berarekin denbora dexente egon eta jolastera bultzatu ostean lortu dut denak lasaitzea azkenean. Marijoseren beharra sumatu badut ere, nahiko ondo konpondu dula iruditzen zait. Hori bai, ordundik asko gehiago aztertzen dut Marijosek izaten duen jarrera arazoak konpontzean, behatuz ere asko ikasiko baitut.

        Hau gutxi ez balitz, atxedenaldian Juantxok sekulako zauria egin du eskuan. Oso mugitua da haur hau eta beti dabil kolpea gora kolpea bera. Baina, oso gutxitan kexatzen da erortzen denean, eta, beraz, gaurkoan negarrez hasi denean minarengatik, bagenekien kolpea ez zela tontakeri bat izango. Eta zuzen genbiltzan, nikia odolez zikinduta zeukan, bi behatzetan azala altxatua baitzuen. Odola geratzean, tirita pare bat jarri eta haurra berriro ere ezer gertatu ez balitz bezala zebilen eta berriro ere erori da baina azken hau ez da horrenbestekoa izan. Ai Juantxo, Juantxo... A zer nolako mutila!

       Espero dut bihar haurrak lasaiago etortzea eta horrela ez bada, nire irtenbidea bilatzeko modua hobetzeko aukera izango dut, gaizki ez zait etorriko eta. Biharrartee!

miércoles, 26 de octubre de 2011

Bigarren eskola eguna

          Gaurkoa egun borobila izan da. Eguneroko errutina egiteaz gain, psikomotrizitate gelan egon gara, hori bai hori zoramena! Oraingoan errutinaz hitz egingo dizuet, irakasleak kolektiboa izenaz deitzen duena.
         
          Ikasgelara sartu, denak agurtu eta bakoitzak bere zamarrak eta mantalak bakoitzari dagokion pertsan utzi ostean, irakasleak haurrekin hitz egin du. Esan didanez, euskara lantzeko egiten omen du. Horrela nola etorri den (autobus-ean, kotxe-an...) eta norekin (ama-rekin, aita-rekin...) ongi esaten ikasten dute. Eta honekin batera, irakasleak haurra nola dagoen jakiteko bidea ere bada. Ondoren, gelako arduraduna izandatzen da eta, honek, nor etorri den eta nor ez apuntatzen du kartulina batean. Mutila bada etorri ez dena, kartulinan mutilaren gorputza marraztuta duen irudi bat jartzen du eta neska bada falta dena, neska duen irudia. Eguraldia ere aztertzen dute eta dagoenaren arabera, marrazki ezberdina egongo da jarrita ikasgelan. Denak boroilean dauden bitartean irakasleak, errutinarekin jarraituz, ipuina irakurtzen die. Gaurko kasuan, Txanogorritxu ipuina irakurri du, hau ari baitira ikasgelan lantzen. Kolektiboari bukaera emateko, arduradunak haur bakoitzak koilare moduan erabiltzen duen txarteltxoa banatzen du. Txarteltxo horietan atzo aipatu nizkizuen lau animaliak agertzen dira, kolore ezberdinetan eta haurren izenekin.Txartelean agertzen diren irudiak koloreztatu gabe daude txokoetan, txoko bakoitzean animali bat. Horrela haurrak badaki zein txokoetara joan behar duen.

          Errutina amaitzean psikomotrizitate gelara joan dira, baina ikasgai honen azalpena beste egun baterako uztiko dugu, gaurkoz informazio dexente eman baitizuet. Ea nolakoa izaten den biharko eguna! Seguruaski sorpresaz eta ustekabez betea.Biharrarteee!

martes, 25 de octubre de 2011

Faltan botatzen hasita dagoeneko...

          Gaur jai eguna izan dugu Euskal Herrian eta, beraz, ez naiz joan Urdaneta ikastetxera. Egia esatea nahi bazuzue, dagoeneko haurrak faltan bota ditut, beraiekin egoteko irrikitan baitnago. Bihar haur gehiago etorriko direla suposatzen dut, beraz, eguna mugituagoa izango da atzokoa baino. Kontatuko dizuet ea nola joan den eguna, biharrarte!

lunes, 24 de octubre de 2011

Lehenengo hartu emana

          Urduritasuna. Hitz hau da egokien deskibatzen duena gaur goizean nuen sentimendua. Izan ere, lehen aldia baita 3 urteko haurrekin hartueman zuzenean aritzen naizena. Hala ere, irakaslearen laguntzaz eta haurren arrerarekin pixkanaka ni neu izaten hasteko aukera izan dut.
         
           Urdaneta Ikastetxean hasi naiz praktiketan eta, jakingo duzuen bezala, bertan Amaraberri sistemarekin egiten dute lan. Txokotan kokatzen dira eta, ikasgela identifikatzen duen kolorea izateaz gain ( nire ikasgelaren kasuan berdea), haur bakoitzari ere kolore eta animali bat sailkatzen zaio. Horrela haur bakoitzak badaki txakurra etxe txokoan dagoenean txakurren taldeak bertan egon behar duela eta arraina antzerki txokoan baldin badago arrainen taldeak han egon behar duela.

          Guar egun lasaia izan dela esan dit Marijosek, irakasleak. Izan ere, haur asko etxean geratu baitira, batzuk gaixorik zeudelako eta beste batzuk, gurasoek jai zutenez, irteeraren bat egitera joan direlako. 19 haurretatik 11 soilik etorri dira, eta ezberdintasuna asko nabaritu. Niri, hau, ezinhobeto etorri zait, horrela pixkanaka egokitzeko aukera eman baitit.

          Gaurkoz nahikoa kontatu dizuedala iruditzen zait. Hurrengo egunetan datu eta ezaugarri gehiago emango dizkizuet, bai ikastetxeari buruzkoak eta baita ikasgelan gertatzen denari buruzkoak. Amaitzeko, zera esan nahi dizuet, praktikak burutu hostean hasieran aipatu dudan hitza, urduritasuna, segurtasun hitzan bihurtzea espero dudala da eta bide zuzenetik nijoal uste dut. Beno ba, biharrarte!